JARDUERA OFIZIALAK
Familia eta Berorren Maiestate Erregearen zeregin instituzionalari babesa ematea dira erreginaren lehentasunak. Hortaz, egunero alaben ardura hartzen du, eta Felipe errege jaunarekin batera ere jarduten du ekitaldi ofizial batzuetan, amaren zereginekin bateragarri eginez.
Gainera, 2007. urteaz geroztik agenda propioa dauka eta Berorren Maiestate Erregearen Etxeko jarduera ofizialen esparruan garatzen du, Berorren Errege Gorentasun Asturiasko Printzearen Idazkaritzaren eremuan. Haurrekin eta gazteekin jardun du batik bat, eta, alor horien barruan, hezkuntzarekin eta osasunarekin zerikusia duten gaiak jorratu ditu batez ere.
Hezkuntzan, 6 urtetik 16 urtera bitartekoen prestakuntza zuen lehentasun nagusia, eta, bereziki, Lanbide Heziketaren sustapena eta babesa.
Erreginak buru-belarri jardun du, halaber, irakurketaren eta irakurmenaren sustapenean, ikaslearen adimena garatzeko funtsezko ardatza den neurrian, eskola uztearen eta eskola-porrotaren aurka borrokatzeko.
Printzesa nabarmen inplikatu da, halaber, lehen haurtzarotik ohitura osasungarriak jabetzearekin, uste osoa duelako osasun fisikoa eta mentala ohitura horietan oinarritzen dela, eta ohitura horiek emaitza bikainak izango dituztela baldin eta haurren bizitzaren lehen urteetan indartzen badira. Besteak beste, elikadura, jarduera fisikoa eta gizarte-trebetasunen garapena oso egokitzat jotzen ditu, adin kritikoetan adikzio goiztiarrak saihesteko funtsezkoak diren heinean.
Osasunaren eremuan, ezohiko patologia edo gaixotasunak jasaten dituztenak ikusarazi nahi izan ditu erreginak, eta horiei guztiei eta haien familiei babesa eskaini nahi izan die. Gainera, minbiziaren aurkako borrokan ere inplikatu da. Ezohiko gaixotasunen alde hartutako konpromisoa saritzeko, Alemaniako presidente federalaren emazte Eva Kohler andreak Berlinera, Alemaniara, gonbidatu zuen, ikerketa-sari batzuk emateko ekitaldira, eta hori izan zen bere agenda propioaren esparruan atzerrian egin zuen lehen jarduera.
2010eko irailean, erregina Minbiziaren aurkako Espainiako Elkarteko eta haren Zientzia Fundazioko ohorezko presidente izendatu zuten. Horrela, lehen aldiz onartu zuen horrelako presidentzia iraunkor bat, eta hala egin zuen, batetik, gaixotasunak gizartean duen eraginagatik, eta, bestetik, elkarteak, ikerketaren, informazioaren, prebentzio-kanpainen eta boluntario-lanaren bitartez, minbiziaren aurkako borrokan duen garrantziarengatik. Presidentzia konprometitua eta aktiboa da, eta, beraz, aipatutako eremuetako jarduera jakin batzuetan parte hartzeaz gain, aldian-aldian lan-bilerak ere egin ditu elkartearen jarduerak, programak eta proiektuak bertatik bertara ezagutzeko.