Errege Lekuak
Ondare Nazionalak Koroak Estatuari lagatako ondasunak administratzen eta kudeatzen ditu, eta horiek erabiltzeko eskubidea du. Besteak beste, hiru helburu ditu: Europako kultura-multzorik garrantzitsuenetako bat herritar guztien eskura jartzea, ondasun historiko higigarri eta higiezinak kontserbatu eta zaharberritzea, eta administratzen dituen baso eta lorategietako ingurumena, flora eta fauna zaintzea eta errespetatzea.
Ondare Nazionalak ekainaren 16ko 23/1982 Legeari jarraitzen dio. Legeak Ondare Nazionalaren eginkizun bikoitza arautzen du: alde batetik, Berorren Maiestate Erregeak eta Errege Familiako kideek Konstituzioan eta legeetan esleituta duten goi-ordezkaritzarako erabiltzeko daude ondasun horiek; bestetik, Ondare Nazionalak ondasun-sistema horren izaerak eta garrantzi historikoak emandako kultura-funtzioak bete behar ditu (ondasun horietako gehienek interes historiko-artistikoa dute, eta, beraz, kulturaren arloko mantentze, zaharberritze, ikerketa, kontserbazio, erakusketa, irakaskuntza eta zabalkundeari lotutako jardunak egin behar dira).
Ondare Nazionalak Koroak sortutako zortzi errege-jauregi, landako bost errege-egoitza eta hamar monasterio eta komentu, 20.500 hektarea basotan eta 589 hektarea lorategi historikotan (horietako 154 gizadiaren ondarea osatzen duten kultura-paisaiatzat hartu dira) kudeatzen ditu. Halaber, leku horietako ondasun higigarriak, arte-bildumak, Koroaren erabilera eta zerbitzurako esleitutako ondasunak eta Berorren Maiestate Erregeak Estatuari egindako dohaintzak administratzen ditu.
Errege-lekuak Estatuko zeremonietarako eta Espainiako Erresumako ekitaldi ofizialik garrantzitsuenetarako erabiltzen dira. Azpimarragarrienak Madrilgo Errege Jauregian egiten direnak dira.
Errege-lekuetan, Ondare Nazionalaren museoak jendearentzat zabalik daude. Urtean hiru milioi lagunetik gora joaten dira museo horietara. Erakundea, beraz, Espainiako kultura-organismo nagusietako bat da.