Azpimarratu behar da garai hartako munduan nagusi zen mundu monarkikoa ikusteko eta ulertzeko modu landuenak antolatu zirela instituzioetan bai Hispania kristauan, tradizio hispano-erromatarraren eta hispano-godoaren oinordeko zen horretan, bai Al-Andalusen. Gauzak horrela, mendebaldeko Europan maila politiko-formal gorena Inperio Erromatar Germaniar Sakratuaren enperadorea zen bezala, Espainia kristauan hainbat errege egon ziren —bereziki Alfontso VI.a eta Leongo eta Gaztela Alfontso VII.a— Espainiako edo Espainietako enperadorearen duintasuna beren gain hartzeko. Lur hispano-musulmandarretan, berriz, Kordobako monarkek Emir eta Kalifa tituluak hartu zituzten, Damasko edo Bagdaden zentroak zituzten Afrika eta Asiako unibertso islamikoko aurkarien moduan.
XV. mendean, Errekonkistaren une gorena iritsi zen gune hispano-musulmandarra desagertu eta Espainiako Koro nagusiek (Gaztela eta Aragoi), politikari eta lurraldeei dagokienez, bat egin zutenean; errege berberak gorde ziren, hots, Isabel eta Fernando Errege Katolikoak. Monarkien batasun horri Nafarroako Erreinua batu zitzaion berehala eta, hurrengo mendearen amaieran, Portugalgo erreinua; horrela sortu zen Penintsulako batasun hispaniko edo iberiar osoa, monarkia komun baten inguruan. Garai berean, eta baita geroago XVII eta XVIII. mendeetan ere, Espainiako monarkia mundura zabaldu zen: hainbat kontinentetako lurraldeak eta erreinuak barne hartu zituen. Andaluziako lurrak antolatu bezala egituratu ziren Amerikako herriak eta lurraldeak, Fernando III.aren garaiko konkisten ostean. Andaluzian erreinuak sortu ziren bezala –Jaengoa, Kordobakoa, Sevillakoa eta gerora Granadakoa–, Indietan ere erreinuak ezarri ziren, erregearen ordezkari gisa, erregeordeak buru izaki, bai Nueva Españan, El Perún eta gerora Nueva Granada eta Platan. Gauzak horrela, erregea enperadoreen ondorengotzat jotzen zen; hala adierazi nahi izan zen azteken azken enperadore Moctezuma eta azken enperadore inka Atahualparen eskulturen bidez Madrilgo Errege Jauregiko fatxadetako batean.
Alejandro VI.a aita santuak Espainiako Errege Fernando, Isabel eta ondorengoei Katolikoak titulu edo tratamendu tradizionala esleitu zien une hartan erregeak zuen adskripzio erlijiosoari eta fede katolikoaren defentsari erreferentzia eginez; hala ere, zenbait interpretazioren arabera, izaera ekumeniko eta unibertsalistaren isla ere ba omen zen, une hartan eta munduaren historian lehenengo aldiz, botere politikoak –kasu honetan Monarkia Hispanikoak– dimentsio global bat lortu baitzuen subiranotasunarekin eta kontinente guztietan –Amerikan, Europan, Asian, Afrikan eta Ozeanian– eta itsaso zein ozeano nagusietan –Atlantikoan, Ozeano Barean, Indiakoan eta Mediterraneoan– zuen presentziari esker.
Espainiako monarkiaren metatze- eta barneratze-prozesu historikoaren ondorioz, Espainiako erregeek titulazio espezifikoak erabili zituzten. Monarkiaren jatorrizko leinuari erreferentzia eginez titulu laburraz gainera —Espainiako Erregea, edo Espainietakoa—, ofizialki erabili zen, erreinu bakoitzean eta XIX. mendera arte, titulu handia edo luzea Espainiako erregeak erreinatzen zituen, arbasoek erreinatu zituzten edo zilegi zitzaizkion lurralde eta tituluak modu esplizituan aipatuz. Horren adibide garbia da Karlos IV.aren titulazioa, 1805ean, Espainiako Legeen Bilduma Berriaren lege-testuaren aurretiko Errege Zedulan errege izendatzeko adierazten den moduan: “Jainkoaren graziako On Karlos erregea, Gaztelakoa, Leongoa, Aragoikoa, Bi Sizilietakoa, Jerusalemgoa, Nafarroakoa, Granadakoa, Toledokoa, Valentziakoa, Galiziakoa, Mallorcakoa, Menorcakoa, Sevillakoa, Sardiniakoa, Kordobakoa, Korsikakoa, Murtziakoa, Jaengoa, Algarbesekoa, Algecirasekoa, Gibraltarrekoa, Kanariar Uharteetakoa, Ekialdeko eta Mendebaldeko Indietakoa, Ozeano itsasoaren uharte eta lurretakoa; Austriako artxidukea; Borgoinako, Brabante eta Milango dukea; Apsbug, Flandes, Tirol eta Bartzelonako kondea; Bizkaiko eta Molinako jauna". Azpimarratu behar da indarrean dagoen Espainiako Konstituzioan, 56.2 artikuluan, adierazten dela Estatuburua "Espainiako erregea dela eta Koroari dagozkion besteak erabili ahal izango dituela".
Estatu monarkikoaren gailurrean, Koroa arduratu zen gobernatzeko funtzio goren eta zabalez, bai Erdi Aroan, bai Antzinako Erregimenean, eta horren ondorioz, erantzukizun berezia izan zuen ekintza on zein hutsegiteetan.
Antso III.a Nagusiak, Nafarroako erregeak, Espainia kristauaren zati handi bat erreinatu zuen XI. mendean. Hala ere, Erdi Aroan izandako beste errege hispano batzuek bezala eta garaiko monarkiaren kontzeptu patrimonialista tradizionalaren ondorioz, bere esku zituen domeinuak banatzea agindu zuen hiltzen zenean. Leongo Errege Alfontso IX.ak, ordea, aurre hartu eta Europan izan ziren lehenengo Gorteetarako deialdia luzatu zuen hiritarren, nobleen eta klerikoen parte-hartzea izateko. Fernando III.ak Santuak behin betiko batu zituen Gaztelako eta Leongo erreinuak, Errekonkistari bultzada aldaezin bat emanez. Alfontso X.ak Jakintsuak kultura eta arteen alde egin zuen, Estatu monarkikorako modu berri baterako lege- eta ogasun-fundamentuak ezartzeaz gainera. Jakue I.ak Aragoikoak eta bere ondorengoek Aragoiko Koroko lurraldeen batasun politikoa finkatu zuten, baita mediterraneoaz besterako zabalkundea sendotu ere.